“Elkarlanean ekiteko eta konektatzeko espazioa” sortzera gindoazenean, Egia auzoan errotutako eta bertako memoria industrialarekin eta sozialarekin lotutako proiektua irudikatu genuen.

Antzinako Teila Fabrikari zor diogu gure izena.

1903an inauguratu zuten “Fábrica de Tejas y Ladrillos Eguia S.A.” eta gaur egungo Egia, Tejeria, San Kristobal eta Konkorrenea kaleen artean kokatuta zegoen. Beheko argazkian ikus daitekeen bezala, kea hustutzeko tximinia luzea zuen, 40 metrokoa hain zuzen ere. Honek, eraikina ikusgarria egiteaz gain, auzoaren erreferentzian bilakatu zuen fabrika, iraun zuen bitartean.

Batik bat Astigarragatik etorritako 40 bat langile aritzen zen bertan lanean. Horri esker, fabrikako giroa euskalduna zen erabat mende hasiera hartan.

Teila lauak eta adreiluak fabrikatzen zituzten; aurrenak Santiagomendi eta Oialumetik (Astigarraga) lortzen zuten buztinarekin, eta bigarrenak, beraien jabetzakoak ziren Kapitan-Enea, Konkorrenea eta Kullasenea harrobietatik erauzitako lehengaiarekin.

Lehengaia garraiatzeko, hasiera batean idi-gurdiak erabiltzen zituzten, eta gerora, errailetatik igarotzen zen bagoneta bat. Energia berriz, ikatzez elikatutako lurrin-makina batetik sortzen zen.

 

 

Krisialdi handi baten ondorioz itxi behar izan zuten Teila Fabrika 1932an. Biltegian material eta soberakin asko geratu zitzaizkien eta hauek saldu ostean berriro piztu zituzten labeak, baina 1936an behin betikoz itxi zuten, fabrika eta barruan zegoen guztia Lucilo Fernández txatar-biltzaileak erosi zuelarik.

Fabrika, barrakoiak eta bertako bulegoak 1961ean eraitsi zituzten. Tximiniak berriz, zutik iraun zuen 1962. urtera arte.

Gaur egungo Teila Fabrika ere lanerako eta elkartzeko espazioa izango da, XXI. mendeko beharrei egokitutako ideia fabrika. Elkarte, enpresa txiki zein kooperatiben elkargunea izateko bokazioa dugu eta hauen arteko sinergiak sustatu eta ekonomia soziala jomuga duten egitasmoak bultzatu nahi ditugu.

Iturria: Josean Jauregi, Egia Gure auzoa/ Nuestro barrio (2002). Editoreak: Zai-Zoi Koordinadora Kulturala, Donostia Kultura. 

 

error: Content is protected !!