LUZE edo MOTZ bakarrizketa
Agortuta
Luze edo Motz,
generoa protagonista duen umore bakarrizketa ikuskizuna
Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileek LUZE EDO MOTZ ikuskizun berria sortu dute. Umorea eta generoa ardatz hartuta, bost bakarrizketa josi dituzte ordu beteko saioan.
LUZE EDO MOTZ, horixe da ikuskizun berriaren izenburua: “Emakume bezala gure bizipenetatik eta egunerokotasunetik sortu ditugu bakarrizketa hauek. Bakean ikuskizunean lantzeke geratu zitzaizkigun gaiak hartu eta osatu dugu pieza berria, oraindik gauza asko esateko ditugula sentitzen genuelako. Gure gizartea genero kontuetan askotan motz geratzen dela ikusten dugu, edo aldaketak asko luzatzen direla sentitzen dugu, eta hortik dator izenburua. Bestetik, umorea genero gaiak lantzeko modu gozagarria eta eraginkorra dela ikusi dugu, eta bide horretatik jarraitu nahi izan dugu”.
Ikuskizun berrian hilekoa, menopausia, ligatzeko kontuak eta sexua izango dituzte hizpide, besteak beste. Martiarenak eta Torregaraik beraien helburua jendea barrez jartzea dela azpimarratu dute, baina baita eragitea ere: “Umorearen bidez gai konkretu batzuez hitz egin nahi dugu, izan ere, “emakumeen gauzak” izateagatik askotan ezkutuan egoten baitira. Umorearen bidez gai hauek konpartitu, eraiki, deseraiki eta normalizatu nahi ditugu, eta hori egiteko umorea oso tresna eraginkorra da. Hori dela eta, bigarren ikuskizun honetan genero gaietan sakontzea erabaki dugu”.
