“Nondik erabakitzen dut?” galderari erantzuteko bilaketan murgildu nintzen duela hainbat urte, bizi fase aldaketa betean. Konfiantza eskaseko eta sustraitu gabeko pausoak ematen sumatzen nuen neure burua, eta zerbait falta zela banekien, zer ez ordea.
Coachingaren bitartez eraldaketa bideak esploratzeak konektatu nau neure gorputz eta emozioekin, eta hortik topatu dut beste ulermen bat, osoagoa. Nola topatuko nituen ba, egiazko eta funtsezko erantzunak, izaki mentala soilik banintz bezala arituta? Mugak topatu ditut neure baitan, mugatzen nauten pentsamendu eta joerak, emozio eta ibilkerak. Baina mugetatik harago aritzeko bideak konektatu nau, era berean, neure gorputzarekin, naizen mugimenduarekin. Azken urteetan, Movimento Esencial (ikasketa mugimendua) gorputz coaching metodologiaren bitartez, besteak beste.
Mugimendua gara, eta geure gorputzarekiko konexio eta kontzientziak lotzen gaitu gure funtsezko jakinduariarekin. Hau esploratzeko aukera izan dugu Teila Fabrikan, online lehen aldiz, “Nire funtsezko mugimendua bizitza eta lanerako” saioan. Zein da nire erronka? Ze mugimendu trazu nagusitzen dira orain nire jardueran? Ze aukera ez naiz aintzat hartzen ari? Zer dago soberan? Gorputzari galdetu diogu, mugimenduan jarrita, erantzunak geure baitan baitaude.
Marra zuzenaren indarra eta norabidea, bihurgunearen malgutasuna, espiralaren energia bildu eta zabaltzea, zein puntuaren gelditasuna… norberaren mugimendu mapa marrazteko bereizmenak, bizipenak soilik, egiteak, eskaintzen dizkigunak. Mapa propioak sortu ditugu, nahi dugunaren jabe(ago) egiteko, bakoitzak eskaintzen dituen aukera aniztasunak konfiantza giroan elkarbanatu, eta besteen ekarpenetik garapen haziak jaso.
Arnasten dugunean gara, eta uneotan hau ze baliotsua dugun gogorarazi didazue bizipen honetan, milesker posible egin duzuen guztioi. Elkarrekin, aukera mapak hedatzen ditugu. Izateko baimena duten espazioek hazten gaituzte.
Aran Erasun Urtzelaieta
Harago Aholkularitza