Abenduaren 14an, Hemen Here elkarteak antolatuta, “100 emakume ikus-entzuneko industrian” topaketa izan genuen Teila Fabrikan.
Topaketaren helburua, emakume profesionalen artean elkar ezagutu eta hausnarketa eta eztabaidarako espazioak zabaltzea izan zen, horrela, lankidetza eta elkarlana sustatuz. Deialdiak zion modura “Gauzak aldatu nahi ditugulako. Norbanakoa ahaldunduz, HEMEN sendotuz”.
Hemen Here-ko kideek, Lara Izagirrek, Itxaso Espinalek, Tessa Andonegik eta Olatz Beobidek, elkartea eta Alice akzio-plana aurkeztu zituzten. Elkartea, ikus-entzuneko industriako esparru ezberdinetan lan egiten zuten emakumeek sortu zuten, eta ALICE, akzio-plana, 2020-2024 urteen bitartean garatzeko (H)emen elkarteak sortutako egitasmoa da. Akzio-planaren izenak, Alice Guy-Blaché, lehenengo fikziozko zuzendariari egiten dio omenaldia.
Egun horretan, hainbat emakumezkoren indar, neke, ilusio, haserre eta botereek bat egin zuten, etorkizuna amestuz eta aukerei bidea emanez. Guk, Teila Fabrikatik, beraien desioak betetzeko eta berdintasuna lortzeko ateak ireki daitezen espero, eta zorterik onena opa diegu!