Ezer baino lehen, azpimarratu behar dugu dirulaguntzak proiektu profesional, elkarte zein proiektu enpresarialak finantzatzeko bide bat direla. Baina ez da gomendagarria finantziatzeko bide bakarra izatea. Edozein proiektu zutabe bakar baten gainean oinarritzeak edozein unetan kolokan jar lezake proiektua bera, baldin eta esleitutako baliabideak iristen ez badira.
Hori esanda, finantza-laguntzak, publikoak zein pribatuak, normalean lehiaketa modalitatean ematen dira. Lehiaketa horiek baldintzak, proiektu mota finantzagarriak eta epeak mugatzen dituzte, eta, laburbilduz, proiektuaren baldintza guztiak mugatzen dituzte. Eta esleitutako baliabide ekonomikoak inoiz ez direnez amaigabeak, oro har, dirulaguntza jaso dezaketen proiektu guztien arteko baremazioa egiten da laguntza horri esleitutako diru-poltsa banatzeko. Baina badira zure proiektua bultzatzeko laguntza eskatu aurretik planteatu behar dituzun zenbait gai.
Zer pentsatu behar dut laguntza eskatu aurretik?
Hau ezin duzu inoiz ahaztu, eta ezinbesteko baldintza da. Galdera hauek egin behar dizkiozu zeure buruari, bai ala bai: Zer abantaila ditu laguntzak?, Zer ekartzen dizu laguntza hori lortzeak?, Zertarako erabiliko zenuke laguntza?, Hau jasotzeak zertara behartzen zaitu? , Laguntzak egiten al du bat proiektuaren filosofiarekin?
Galdera hauek lagunduko dizute erabakitzen zuretzat eta zure proiektuarentzat komenigarria den ala ez aurkeztea. Izan ere, kontuz!, hasiera batean hala ez dirudien arren, zure egunerokotasunerako eta zure proiekturako oztopo izan daitezkeen laguntzak egon daitezke.
Laguntzek zure proiektua bultza dezaketen kasuak.
Hauek dira laguntza jasotzeak zure enpresa-proiektuan eragin positiboa izan dezaketen egoerak:
- Bide edo proiektu berriak irekitzea buruan duzunean eta horiek beste era batera finantzatzea ezinezkoa denean.
- Laguntza horiek beste erakunde batzuekin sinergia, harreman eta lankidetza-modu berriak sortzeko erabiltzen ditugunean.
- Laguntza hauek ikerketa eta berrikuntzarako erabiltzen baditugu
- Ustekabeko egoerei aurre egiteko, adibidez, munduko pandemia bati aurre egiteko (nork esango zigun!)
- Laguntza erabiltzen badugu nahitaez bete beharreko lege edo araudi berrietara egokitzeko.
Demagun kasu hauetako batean zaudela. Bada, orain, laguntza batek berekin dakartzan loturak eta baldintzak ere baloratu behar dituzu. Azken finean, laguntza konpromiso bat da, non bi aldeek zerbait ematen duten. Beraz, ondo informatu baldintza guzti-guztiei buruz, eta baloratu baldintza horiek bete ditzakezun.
Dirulaguntzen deialdiak bilatzea. Nondik hasiko naiz? Nola egingo dut?
Zuzen zaude, inor ez da etorriko eta zure atea joko du laguntza ekonomikoa eskaintzen dizula esanez. Proiektu horretarako laguntzarik, ezarpen berririk edo bestelakorik badagoen jakin nahi baduzu, bilaketa sakona eta irudimentsua egin beharko duzu, dela sarearen bidez, dela hainbat gobernu-erakundetara edo enpresatara joanda.
Nork eskaini diezazkiguke dirulaguntzak gure erakundearentzat?
Bi laguntza ekonomiko mota daude modu larrian. Alde batetik, erakunde publikoen laguntzak izango genituzke, eta, bestetik, erakunde pribatuenak.
Publikoen kasuan, hemen egin genezake bilaketa:
- Udalak. Kontuan hartuta udalen laguntza-deialdi guztiak, normalean, foru-aldundien buletinean argitaratzen direla, hemen egin genezake bilaketa zuzenean.
- Donostiaren kasuan, gure hiriaren kasuan, bilaketa Donostiako Sustapen Sailaren webgunean egin genezake.
- Gipuzkoako Foru Aldundia, gure kasuan, eta bestela dagokizun foru aldundia.
- K bulegoa.
- Gobernu autonomikoak.
- Estatu espainiarraren edo frantsesaren laguntzak
- Europako erakundeen laguntzak
Erakunde pribatuei dagokienez, proiektu eta ekimenetarako laguntzen deialdi publikoak egin ditzaketen batzuen zerrenda ere hemen duzu:
- Udalbiltza
- Kutxa Fundazioa
- BBK Fundazioa
- Vital Kutxa Fundazioa
- Caixabank
- Bankoa
- Laboral Kutxa
- Enpresa Pribatuak
Orduan, zerrenda honekin orain badakizu non bila dezakezun zure proiektuak behar izan dezakeen laguntza hori, baina, nola egin?. Funtsean, bi metodo dituzu horretarako: lehena eta oinarrizkoena, bilaketa egokiak sistematikoki eta aldizka egiteko ohitura hartzea, interesatzen zaizkizun deialdiak ireki daitezkeen leku guztietan. Eta bigarrena, aukera hau aktibatu daitekeen lekuetan bakarrik, alta ematea, modu automatizatu batean interesa diezazuketen jakinarazpenen notifikazioak zure emailera zuzenean ailegatzeko.
Formazio hau, Gipuzkoako Diputazioak lagundutako dirulaguntza baten baitan garatu da.