Gaur aurkeztu du KoopFabrikak bere 6. edizioa izango dena. Idoia Telleria Maritxallarek gidatu du aurkezpena, izan ere, Ido Photography izeneko bere proiektuaren hazia ere KoopFabrikan erein zen. Jarraian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Joseba Amondarain Senperenak hartu du hitza eta elkarrekin indarrak batuz, bidea egiteko gai garela azpimarratu du eta aldundiaren babesa adierazi.
Teilakide den Enara Izagirre Arrizabalagak (Harago) ere parte hartu du aurkezpenean, eta KoopFabrikan izan zuen esperientzia kontatu digu: bultzada ederra izan da bere ibilbidearentzat eta proiektuarentzat. Bideoan entzun ditzakezue bere hitzak!
“Ihitten” proiektuaren ibilbidea zein izan zen ere azaldu digu Idoia Garces Aldazabalek eta nola elkartu ziren Lasarte-Oriako ikus-entzunezkoen arloko hainbat emakume proiektua sortzeko. Talaios kooperatibako Gorka Juliok, berriz, formazioaren atalen eta egituraren berri eman digu. Azkenik, EHUko Mirene Begiristain Zubillagak, proiektuaren prozedurak eta emaitzak neurtzeko adierazle sistema aurkeztu digu.
Bigarren formazio garaia Teila Fabrikan izango da eta pozik gaude elkarlan honi bide eman diogulako eta gogotsu gaude ekonomia sozial eta eraldatzaileruntz pausuak ematen jarraitzeko! Izen ematea zabalik dago, beraz, proiektu eraldatzaileren bat baduzue esku artean, ez izan zalantzarik eta eman izena koopfabrika.eus webgunean!