Zaurgarritasunean indartsu

2020 / 08 / 26

Egilea: Aran Erasun Urtzelaieta. Harago Aholkularitza #teilakide-a

“Zer moduz zaude? Zerk kezkatzen zaitu? Zer behar duzu?” Zenbateraino daude presente gure lan eremuetan mota honetako galderak?


Lan eremuetan ere, pertsonak, dugun guztiarekin gaude (beldurrak, gogoak, kargak…). Aldiz, horietaz hitz egiteko ohitura ez da nagusitzen lantaldeetan. Badirudi barruko ahots batek esaten digula lan espazioa horiek adierazteko tokia ez dela. “Nola esan lur jota nagoela? Nola adierazi beldurrak lo egiten uzten ez nauela? Nola adierazi oso nekeza zaidala telelana egitea?” Nola?


Ez. Berriro, barruko ahotsak “ezin naiz bertan zaurgarri agertu” esan dit akaso. Ahuldadea erakustea arriskutsua dela, edo ez nauela toki unean uzten… Denok barne ahots antzerakoekin gabiltza, ordea. Ahul agertzeari eutsiz maiz. Gogor, ez dadila sumatu.

Zer gertatuko litzateke adierazten hasiko bagina? Barruko ahots hori “zergatik ez?” batengatik aldatuko bagenu? Ikusi ditugu emozioak adierazteari tokia egiten hasi diren lan taldeak. Beraiekin momentu magiko hori bizitzeko pribilegioa izan dugu. Barrutik hitz egin duen lehen kidearen ausardia eta gainerakoen biguntzea. Irekitzen den espazioa, ematen den baimena. Ahuldadeari tokia egitearekin berarekin, taldeak barrutik indartzen sumatu ditugu. Askatzen… eta benetan direnarekin konektatzen. Taldeak, pertsonek (garen guztiarekin) osatzen baititugu.
Zuen taldea emozioei tartea egiten hasi nahi duen horietako bat bada, bizitzen ari garen egoeraz elkarrizketa bat izaten hasteko proposamena duzue hemen:


Banaka erantzuteko galderak:
Nola da lanetik kanpoko nire errealitatea momentu honetan? Zer zait zaila? Zer egiten ari zait gustoko?…
Zer eskatuko nioke taldeari?


Guztiei entzun eta gero, bigarren erronda batean:
Entzun dudana kontuan izanik, zer eskaini nahi dut nik? (taldekide bati edo talde osoari izan daiteke). Zer nahiko nuke talde hau izatea garai hauetan?
Elkarrizketa on!