GORDEGIAk, Egiako Artxibategi Grafikoak, aurkezpen irekia egin berri du Egiako Kultur Etxean eta norbanako eta talde mordoxka bildu gara bertan, proiektuaren inguruan gehiago ezagutzeko gogotsu eta jakin-minez. Gordegia zer den eta nola sortu den azaldu eta bere baliabide nagusia den webgunea aurkeztu dute.
Aurkezpenaren gidari izan dira proiektuaren sustatzaileak: Arkaitz Artola, Itsaso Alkorta, Oihana Agirre, Fernando Olalde eta Karlos Trenor. Itsaso Alkortak halaxe aurkeztu ditu taldekideak “Gu bostok, Gordegiaren abiapuntua jartzeko elkartu garen egiatarrak gara, bagenuen denok modu batera edo bestera auzoko argazkilaritzarekin edo artxiboarekin harremanik eta gu denon gogoan zegoen nahi eta amets hori, ARTXIBO GRAFIKO HISTORIKOA osatzearena”.
Pasa den udaberrian suertatu zitzaien proiektua aurrera eramateko aukera “Teila Fabrikak, gure nahia gauzatzeko proposamena egin zigun eta baita behar genituen baliabideak jartzeko konpromisoa ere, eta gu bostok, gogoz heldu genion. Beraz, Teila fabrikari esker hasi ginen eta hementxe gaude”.
GORDEGIA izenarekin bataiatu dute proiektua, alde batetik, Egia Gordetzeko baliagarria izango delako eta bestalde, Gordegia hitzak babeslekua edo izkutalekua ere esan nahi duelako. Eta horixe da beraien helburuetako bat, Egiako irudien babeslekua izatea, alegia.
Fernando Olalde “Patas” izan da elkartearen helburuak zehazki azaldu dituena: Alde batetik, Egia auzoari buruzko dokumentazioa biltzea, digitalizatzea, sailkatzea eta zaintzea edozein formatutan, bereziki argazkiak eta bideoak. Bestetik, sistema informatiko bat sortzea eta mantentzea, eta horretarako informazio metatua eskuratzea eta lortutako dokumentazioa ezagutzeko moduko jarduerak antolatzea. Eta azkenik, Egia auzoari buruzko azterlan historiko edo soziologikoak bultzatzea.
Prozesu baten hasieran daudela azpimarratu du. Azken finean, proiektu herrikoia da Gordegia eta osatu dadin, auzokide guztien laguntza bila dabiltza. Karlos Trenorrek azaldu du auzoko pertsona eta erakundeekin harremanetan jarri zirela hasieratik, argazkigintzaren gaian interes pertsonala edo profesionala zutenekin eta erantzunak oso positiboak izan direla. Material asko jaso dute eta gehiago jasotzea espero dute. 13.000 argazki dituzte oraindik sailkatzeko, ordenatzeko eta dokumentatzeko, “lan handia dago hemendik aurrera”.
Eskerrak eman dizkiete orain artean lagundu dieten guztiei: Tabakalera, Aitor Ikastola, Egia Bizirik, Ancora, eta kontaezinak diren pertsona fisiko guztiei… Eta “Gordegia, gu guztion kontua” denez, auzokide guztiei dei egin diete bai argazkiak bai bideoak ekartzera, eta bestelako egitasmoak sortzeko interesa dutenei, haiekin harremanetan jartzera. Artxibategia sortzeaz gain, gerora bestelako jarduera batzuk ere sortu nahi baitituzte: erakusketak, solasaldiak, postalak, argitalpen txikiak…
Eta zeintzuk diren interesatzen diren argazkiak? Ba, auzoko bizimodua islatzen dutenak; hirigintzaren bilakaera (eraikinak, kaleak, garraioa…), mota guztietako jarduera kolektiboak (jaiak, kirola, kultura, aldarrikapenak…) eta abar. Argazkiak jasotzean eskaneatu, dokumentatu, egilearen izena eta irudiaren baimena zehaztu eta sailkatu egingo dituzte, eta gero jabeari itzuliko dizkiete materialak.
Bukatzeko, argazki historikoak ikusteko aukera izan dugu Arkaitz Artolarekin “Bartol” eta ondoren, webgunea atalez atal azaldu du. GORDELAGUNA egitera animatu du jendea, hau da Gordegiaren laguna. Edonor izan daiteke gordelaguna eta horrela errazagoa izango da webgunean argazki digitalak sartzea, komentarioak eta zuzenketak egitea, eta Gordegiko berriak jasotzea.