Urriaren 16an, ostirala, “Zaintza lanen demokratizaziorantz” hitzaldia antolatu genuen Emagin eta Maitelanen eskutik. Emaginek Beterri-Buruntza eskualdeko zaintza lanen egungo egoerari buruzko ikerketa aurkeztu zuen eta Maitelanek bere kooperatibaren jaiotzaren zergatia azaldu zuen. Maitelan zaintza lanen erantzukizun sozialari kolektiboki erantzuteko jaio da, eta, horretarako, gizarte-ekimeneko kooperatiba integral bat sortu dute, “erakunde berean egituratu nahi dituena langile bazkideak (zaintzaileak), bazkide erabiltzaileak (zainduak) eta bazkide kolaboratzaileak”
Jone Arrazolak zaintza lanak zein testuinguru politiko-sozialetan sortzen diren argitu zuen: “Arlo publikoaren eta pribatuaren arteko banaketak pribilegio batzuk ematen dizkie gizonei, eta emakumeei, berriz, kendu. Dikotomia horri kontratu sexuala ere deitzen zaio, eta hau da hain zuzen ere, sistema kapitalista sostengatzen duena eta etxeko langileak ikusezinak eta prekarioak izatea eragiten duena. Sistemak gainbalio izugarria lortzen du egoera honetan, Estatu espainiarreko barne lan gordinaren herena baino gehiago hartzen baitu”. Testuinguru horretan, ekonomia feministaren ardatza ondo bizitzea eta bizitzak eta pertsonak, baita haien egoerak eta beharrak ere erdigunean jartzea dela gaineratu zuen, merkatuaren logiken baitan garatzen ez den horri balioa emanaz.
Miren Arangurenek gaineratu zuen bezala, emakume langileak jasaten ari diren egoera oso larria da eta ikusezin bihurtzen ari gara, prekarizatuta eta diskriminatuta baitaude; “zaintza lanetan zapalkuntza asko artikulatzen dira eta guk hiru hauetan jarri nahi dugu arreta: klasean, generoan eta arrazan”. Zaintza lanak desfamiliarizatzen ari dira, baina aukera hori familia pribilegiatuetan eta beste emakume batzuen kontura –gehienak arrazializatuak- bakarrik gertatzen da. “Zaintza lanen egitura horizontalago bat sortzeko, antolaketa sozial osoa aldatu beharko genuke. Baina erabat kolapsatuta dagoen eta hain prekarioa den sistema honetan, politika zehatzak egin behar dira hemen eta orain “. Hortxe kokatzen dute Maitelan proiektua, kontraesanak kontraesan, egungo egoeraren larrialdiei aurre egiten baitie.
Azkenik, Emaginek hiru politika proposatu zituen sektore horretarako:
- Zaintza lanak sozialki eta politikoki aitortzea.
- Zaintza lanak modu bidezkoan eta berdintasunean birbanatzea.
- Zaintza langileen lan eta bizi baldintzak duintzea.
Ondoren, Elisa Peredo Quiroz eta Frances Banegas Pavónek Maitelan zergatik eta nola jaio zen azaldu zuten. Biak kooperatibako bazkide langileak dira eta urteak daramatzate sektorean lanean.
Frances Banegasek azaldu zuen bezala, “Maitelanekin, gu ezagutaraztea, balio handiko emakumeak garela eta gure onena emateko prest gaudela jakitea nahi dugu. Zaintza lanen sektorean ezberdintasuna markatu nahi dugu. Maitelanek zuen bizitzaren parte izateko borondatea eta nahia du, eta hori lortzeko zuek zarete hazia”.
Elisa Peredok Maitelan sortzeko prozesuan sakondu zuen eta diskriminazio egoera hau aldatu nahi dutela azaldu zuen, horretarako “konpromiso instituzional eta sozial gehiago behar dugu”. Helburua, bazkide laguntzaile gehiago lortzea da, sendotasuna irabazteko eta “hasieratik gurekin dauden kideak legeztatzeko”.
Miren Arangurenen hitzetan, “Proiektua oso inspiratzailea da. Premiazkoa den hori aldatuz ere sustatu dezakegu zaintza-sistema demokratiko baterako trantsizioa”.
Emaginek egindako ikerketari buruzko informazio gehiago hemen.